Gorputz ez normatiboak
SinopsiaAtal honetan gorputz ez- normatiboak dituzten hainbat pertsonaren errealitatearen berri izango dugu. Xabier Madariagak sei gazte gonbidatuko ditu pertsona hauek jasaten dituzten aurreiritzien eta oztopoen inguruan hausnartzeko. Maria eta Omel, Lara Zapirainekin egongo dira, 29 urteko gazte zarauztarra da eta akondroplasia du. Lararen egunerokotasuna ezagutuko dute; bere etxe egokituan egongo dira, erosketak egiten lagunduko diote eta bere lanera joateko aukera ere izango dute, besteak beste. Jasonek eta Irunek, Aida Garcia ezagutuko dute, 25 urte dituen bilbotarra. Loditasunaren inguruan hausnartzeko aukera izango dute berarekin; izan ere, Aida, bere pisua dela eta, bizitzako hainbat esparrutan epaituta sentitzen da. Hirurek esperimentu bat egingo dute garraio publikoan eta emaitza harrigarria izango da guztientzat. Azkenik, Ari eta Borja, Xabi Osarekin egongo dira, 30 urteko debarrarekin. Xabiri, amaren sabelean zegoela, ez zitzaion ezkerreko besoa ondo garatu eta, ondorioz, ebaki egin behar izan zioten. Hau ez da eragozpen bat izan Crossfitean konpetitzeko eta bere gimnasio propioa edukitzeko: Anboto Crossfit. Gainera, esperimentu baten bitartez, gure sei gazteek beraien larruan biziko dute zer den itxura fisikoagatik epaituta izatea.