2. Ez atzera, ez aurrera
SinopsiaMexiko DFtik Donibanera heldu ondoren, Itxasorentzat ez da lan erraza izango bizileku berrira ohitzea, bizimodua zeharo desberdina delako. Batetik, Mikelekin, bere aitarekin, ondo konpontzeko lanak izango ditu. Bestetik, ia ez du inor ezagutzen herrian eta, beraz, handik lehenbailehen hanka egiteko gogo bizia piztuko zaio. Nolanahi ere, adinez nagusia izan arte ezin izango du herritik ihes egin. Hala ere, hainbat pertsonarengana inguratuko da: Abdul ezagutu eta lagun egingo dira; surfaren promesa handia den Maialenekin ere berehala konektatuko du. Baina, batez ere Urko ezagutuko du. Erakarpen handia dago bien artean eta lagunak baino zerbait gehiago izango direla ematen du, baina Itxasok ez daki Urkok neska-laguna daukala: Jasone. Bitartean, Mikel oso kezkatuta egongo da oraindik eskolako lursailaren salmentarekin. Eskuratu zuen Itxasoren dirua erabili behar ez izateko alternatiben bila hasiko da, baina ez da batere erraza izango. Jon Gabiriarekin lan egitea da aukeretako bat. Jon herriko beste surf eskolako jabea da eta botere ekonomiko handia dauka. Mikelentzat pixka bat iraingarria da hari lana eskatzea, baina edozer egiteko gauza da, bizi duen egoerari buelta eman eta Peiorekin bazkidetu behar ez izateko. Mikel ez da oraindik Peiorekin fio. Parrandan atera ziren azken gauean Mikelek kontrola galdu zuen eta Peiok horrekin zerikusia izan zuela uste du.